2013-08-06

ENHN

Ikurrina batetik zerbait haratago
iritsi nahiko nuke bidea badago
geurea erabiliz egin neureago
aizu, EUSKALDUNA NAIZ
ETA HARRO NAGO!



2013-08-02

Garai onak, garai txarrak...

Bizitzan zehar garai onak eta txarrak izaten ditugu. Zoritxarrez, egoera txarrak luzeagoak izaten dira, norberarentzako bukaezinak ere izan daitezke, sufrimendua ahaztea beti zailagoa izaten baita. Une onak aldiz, konturatu gabe pasatzen dira eta gure pentsamenduan ez dute hainbeste irauten. Hainbeste baloratzen ez ditugula esango nuke nik, baina momentu hauek faltan ditugunean, orduan haiek gabe aurrera ezin dugula jarraitu ematen du, gure bizitzan nolabaiteko esanahia dutela agerian utziz. Hala ere, denbora aurrera jarraitzen duela ikusten duzu, baina ezberdintasun batekin: oraingoan, ez duzu aurrera jarraitzeko inolako motibaziorik, inolako indarrik. Egunero esnatu, eta berriz gaua iristeko zain egoten zara, momenturik lasaiena, zoriontsuena, gustukoena lotan lortzen baituzu. Baina hurrengo goizean, egoera berdinean aurkitzen zara eta asteak, hilabeteak eta baliteke urteak ere pasatzea, eta berdin jarraitzen duzula ikusten duzu. Alegia, bizitza desaprobetxatzen zabiltzala ikusten duzu, eta hau goitik behera aldatzeko gogoak izan arren, ez daukazu horretarako indarrik. Ez dakizu nondik hasi. Zure inguruan dena beltz ikusten duzu. Ez duzu gizarte honetan zure lekua topatzen. Edozein lekutan deseroso sentitzen zara eta beraz, bakarrik egotea nahiago duzu, hainbeste beldur ematen dizun bakardade sentimendu horretan murgildurik. Amorrua, mesfidantza, dezepzioa, deserosotasuna, bakardadea, tristura, isiltasuna, desesperazioa, nekea, negargura, nahasmena, mina, gogo eza.... nagusi dira zure barnean. Zuk zeuk ere ez duzu zure egoera ulertzen, eta beraz, zure ingurukoek are gutxiago ulertuko dutela nabarmena da.