Bizitzan
zehar garai onak eta txarrak izaten ditugu. Zoritxarrez, egoera txarrak
luzeagoak izaten dira, norberarentzako bukaezinak ere izan daitezke,
sufrimendua ahaztea beti zailagoa izaten baita. Une onak aldiz, konturatu gabe
pasatzen dira eta gure pentsamenduan ez dute hainbeste irauten. Hainbeste
baloratzen ez ditugula esango nuke nik, baina momentu hauek faltan ditugunean,
orduan haiek gabe aurrera ezin dugula jarraitu ematen du, gure bizitzan
nolabaiteko esanahia dutela agerian utziz. Hala ere, denbora aurrera jarraitzen
duela ikusten duzu, baina ezberdintasun batekin: oraingoan, ez duzu aurrera
jarraitzeko inolako motibaziorik, inolako indarrik. Egunero esnatu, eta berriz
gaua iristeko zain egoten zara, momenturik lasaiena, zoriontsuena, gustukoena lotan
lortzen baituzu. Baina hurrengo goizean, egoera berdinean aurkitzen zara eta
asteak, hilabeteak eta baliteke urteak ere pasatzea, eta berdin jarraitzen
duzula ikusten duzu. Alegia, bizitza desaprobetxatzen zabiltzala ikusten duzu,
eta hau goitik behera aldatzeko gogoak izan arren, ez daukazu horretarako
indarrik. Ez dakizu nondik hasi. Zure inguruan dena beltz ikusten duzu. Ez duzu
gizarte honetan zure lekua topatzen. Edozein lekutan deseroso sentitzen zara
eta beraz, bakarrik egotea nahiago duzu, hainbeste beldur ematen dizun
bakardade sentimendu horretan murgildurik. Amorrua, mesfidantza, dezepzioa,
deserosotasuna, bakardadea, tristura, isiltasuna, desesperazioa, nekea,
negargura, nahasmena, mina, gogo eza.... nagusi dira zure barnean. Zuk zeuk ere
ez duzu zure egoera ulertzen, eta beraz, zure ingurukoek are gutxiago ulertuko
dutela nabarmena da.